XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1.12. - Tamalgarria da nik idazten ez jakitea.

Luze bizi izan naiz eta orduan garrantzizkoa zen.

Gaur jadanik ez dakit zerk edukitzen ninduen gau osotan lorik egin gabe.

- Gauza mordoa dakizu, osaba kontsolatu nuen osaba Salim.

- Ez, adiskidea esan zuen.

Paisaiatik mendiak bakarrik ageri dira eta gero gailurrak bakarrik, eta gero dena lainopean murgildurik geratzen da.

Idazten ikasi izan banu, mendiak, landak eta ibarrak ikusi ezezik, arrosaren arantza bakoitza berriro ezagutuko nuen.

A zer gizon harrigarriak diren txinatar horiek!

Harritu egin ninduen bapatean osaba Salimek txinatarren aipamena egiteak.

Arrazoia galdetzean hara zer argitu zidan:

- Txinatarrek, papera asmatzean, irakurketa eta idazketaren artea edonoren esku jartzeko aukera eman dute.

Idazketa jakintsuen tenplu eta erregeen jauregietatik kalera atera zuten.

Harrigarriak dira.

Beraz, osaba Salimekin tea hartu ondoren, egunkari bat idaztea erabaki nuen.

Gauza asko ahazten zait.

Jakin, Samira, neure lehen neskalagunaren amaren izena ere ez dakit.

Nire buruak galbahea dirudi.

Egunero idatzi behar dut!

1.21. Gaur aitari lagundu behar izan diot okindegian.

Bi langile falta ziren eta horregatik berak bakarrik moldeatu eta forma eman behar izan dio oreari eta gero, gainera, adi egon labera.

Ni kaxan egon naiz.

Bezeroek, normalean, beren erosketa-poltsa ekartzen dute.

Ahazten zaionari ogia egunkarian bilduta ematen zaio.

Arratsaldeko lehen orduan lanik gabe egon naiz.

Hartu egunkari bat eta zerbait irakurri dut, nahiz eta aita (...)